HAURRENTZAKO KONTATZEA

Ipuinak entzuteko adinik badago?  Baietz  erantzuten du jende askok. Ipuinak umeteriarentzat dira. Nire burua kontalari moduan aurkezten dudanean (pailazo bezala aurkezten dudanean okerragoa da), lanbide honen inguruko  aurreiritzi guztiak agertzen dira maiz:

“Ui… ze polita! Haurrei ipuinak kontatzea…! “

Adinean aurrera egin ahala, ipuinen mundutik erbesteratuak  izan dira gure kulturako gazte eta heldu gehienak .  Hori bera baino ere tristeagoa da ez dakitela bizitzeko argibide baliotsu eta zehatzez betetako istorioak daudela arimaren adin bakoitzerako.

Adin guztietako pertsonentzat kontatzen dut nik. Zein publiko ote dudan nahiago galdetzen didatenean, zalantza egiten dut beti.  A priori, denak gustatzen zaizkit. Etortzen ez den hura izaten da beti publikorik okerrena.  Hitzordura etortzea itsu itsuan erabaki duen eta entzuteko gogoz  etorri den huraxe da ziurrenik gogokoen dudan publikoa.  Bi baldintza hauek betetzen direnean,  berez ateratzen da dena eta gozamena da.  Trantze egoera horretan nagoelarik ez diot entzuleriaren adinari  (ia) erreparatzen. Nire errepertorioa eta estiloa une jakin horretara egokitu ahal izateko  gutxieneko xehetasunak soilik hartzen ditut aintzat.  Haurrez osaturiko bi publiko ezberdin ditudanean ere egiten dut hori;  baita helduen bi publikorekin ere … Entzun egiten dut lehenengo eta horren arabera erabakitzen dut zein den entzuleria jakin horrekin partekatu nahi dudan istorioa.

Haurrekin eta gazteekin sortzen den arazorik oinarrizkoena da,  normalean ez dutela ipuinak entzutera etortzea eurek erabakitzen. Ekarri egiten dituzte. Eskola eremuan gatibu dauden publikoak dira.  Adin goiztiarreneko haurren kasuan, kontalariarekin izaten duten harremana inguruan dituzten helduekiko (aita, ama, irakasle, liburuzain …) duten loturaren isla izaten da.  Umeteriak berezkoa du jakin-mina eta  erraz samar interesatzen da guztiaz. Zer esanik ez ipuinez, fantasiazko mundu batera jauzi egiteko atea zabaltzen baitute beti. Auskalo zer gertatu daitekeen leku batetara bidaiatzeko aukera ematen dute ipuinek. Faltsukeria eta txepelkeria ekidinez gero, arrainak uretan bezala murgiltzen dira haurrak alegiazko logikan. Bere berea dute munduaren ezagutza metaforikoa.

Nerabeek ere badute ipuinen beharra; behar handia. Izan ere, istorioetan maiz agertzen dira iniziazio prozesuan dauden heroiak eta heldu bihurtzea da seguru asko aldaketa prozesurik luze eta konplexuenetarikoa gure kulturan. Jende gaztea da gure gremioari beldurrik handiena sortzen dion publikoa. Juxtu horrexegatik, asko interesatzen zait niri. Beti sentitzen naiz eroso, nire moduan munduan euren lekua aurkitu ezinda dabiltzanen artean. Nerabez osaturiko publikoa, beti da erronka bat.  Jende helduaren kalaka jasaten ohituta daude eta ikusten zaituztenean bururatzen  zaien lehenengoa zera da:  “ Hara, txapa sartzera datorren beste emakume bat”. Gazteek, bereziki uzkur jokatzen dute (eta nork ez?) lagun, salbatzaile edo katekista moduan gerturatzen zaizkien helduekin … Higuingarri zaizkie paper bat antzeztuz gerturatzen zaizkienak.  Gaztedia nazkatuta dago helduen hipokresia eta gezurrekin eta egiazkotasuna eta errespetua eskatzen ditu. Kontalariak  kontatzea hitzen bitartez mundua nahaspilatzea dela garbi badauka ,  gazteak ere erakarriko ditu ipuinak.  Errealitatea  nahaspilatu egin behar da eraldatu ahal izateko. Izan ere, niretzat hauxe da  batez ere gazte izatea: mundua aldatzea posible dela sinestea.

Badira ipuinek adinik ez dutela uste duten kontalariak. Edozeinek edozer entzun dezakeela uste dutenak, alegia. Nik neuk, ezagutu ditut haurrak eta helduak xarmatzeko gaitasun ezohikoa  duten kontalari bikainak.  Gehienek, musika lagun hartuta, ahozko tradizioko ipuinak eta alegiak kontatzen dituzte.  Izan ere, geruza asko izaten dituzte ipuin tradizionalek eta hartzaile bakoitzari desberdin eragiten diete. “Albahaka ureztatzen zuen neskatoa” ipuina entzunez gero adibidez, ez dugu modu berean ulertuko bost urteko haur batek eta nik, baina nork ziurtatu diezadake nik hobeto ulertu dudala istorioa? Nork ulertu dezake hobeto Vivaldiren sinfonia bat? Nor liluratu dezake gehiago Miroren margolan batek? Ariel Bufano maisu titiriteroak esaten zuenez: “ Ez dago haurrentzako arrosarik eta helduentzako arrosarik”. Ni ere bat nator artea ez dela adin tarte, maila intelektual , formazio jakin bat… dutenentzat  soilik uste dutenekin. Eskenatokian gertatzen ari denak, bizipen estetiko eta emozional desberdinak eragingo dizkigu hiru urteko haurrari eta niri.  Horixe izan behar luke arteak, ez? Proposamen berri bat misteriora hurbiltzen garenero.

Eskarmentuak esaten dit ordea, ipuinek adinik ez badute ere, adin tarte batzuek besteak baino egokiagoak direla zenbait ipuin entzuteko. Ez naiz adin kronologikoaz ari, adin emozionalaz baizik.  Jatorrizko ipuina idatzizko iturrietatik jaso badugu  (ez ahozkotasunetik), kontakizuna entzutera datozenei zenbat eta egokituagoa dagoen, hobe. Ezinbestekoa da sortzailearentzat, programatzailearentzat eta haurra ikuskizun jakin batera eramatea erabakitzen duenarentzat, ikuskizuna zeini zuzenduta dagoen argi edukitzea. Nori kontatu behar diogu? Zein dira bere beldurrak? Bere irrikak?Ze arreta eta kontzentrazio gaitasun ditu?

Haur bat hezteko tribu oso bat behar dela dio Afrikako esaera zahar batek.  Garbi dago, prozesuan inplikatuta dauden agente guztien arteko konplizitaterik gabe ez dugu haurrengan arte eszenikoekiko interes eta maitasunik esnaraziko. Ipuin kontaketak iragartzen direnean,  ez da oso ohikoa ikuskizuna zein adin tarteri zuzenduta dagoen adieraztea.  Adin tartea zehazten den kasuetan berriz, zenbait jendek ez du oso arduratsu jokatzen.  Bi urteko haurrak hamalau urtekoekin nahasian dauden kontaldi batera joatea, inor aseko ez duen zeremonia baterako sarrerak erostea da.  Gomendatutako jende kopurua errespetatu ez delako gela jendez gainezka badago, inguru euskaldun batean gazteleraz kontatu behar bada, etorkinak nagusi diren entzuleriari euskaraz kontatu behar bazaio …agur esan eta goazen. Kontatzea, kontatzea ez beste edozer bilakatzen da horrelakoetan.

Ikuspegi kultural batetik begiratuta haurrek kontsumitu dezaketen eta kontsumitu beharko luketenaz dihardugularik, tratuan eta begirunean kontua dezente hobetu bada ere, klixe ugari dituen gaia da oraindik ere.  Mundua ulertzeko bide ugari eta anitzak daudela ahaztu duen heldukraziak erabakitzen du zer den eta zer ez den haurrek ulertu dezaketena eta baita zein eratan ulertzen duten ere.  Haurtxoak jendea ez balira bezala da. Izaki helduak izatera iritsiko diren proiektuak dira, inbertsio bat, etorkizuneko esperantza …  Eta kontua da, haurrak badirela. Uneoro dira. Oraintxe dira. Oraintxe bertan. Eta … iritziak dituzte. 

Oinarrizkoa da, eskuarki haurrentzat zer egin behar den uste dugunetik haratago joatea. Eskatzen dutena kontatzen ausartzea  da gakoa, ez norberak behar dutela uste duena.

Artista moduan daukadan pertzepzio subjektiboa da, haurrei zuzendutako proposamenei orokorrean ez zaiela  helduei zuzendurikoei onartzen zaien prestigio eta aitorpenik ematen. “Haurrentzako da eta berdin da…” bezalako esaldiek edo denbora tarteak betetzearena bezalako   kontzeptuek “ lehenengo ipuin bat kontatuko diet eta puxikaflexia egingo diet gero …”, haurrentzako edozerk balio duela sinestera bultzatzen gaituzte.  Haurrentzako ikuskizunak kalitate baxuagokoak direlako gezurra hedatu eta betikotzen laguntzen dute uste hauek. Haurrei zuzendutako ikuskizunaren produkzio kostuak helduei zuzendutakoenak bezain garestiak edo garestiagoak izan badira ere,  kaxet baxuagoa izaten dute eta jakineko kopurua gainditzen baduzu, garestia da. Umeteriarentzat delako da garestia.  Oraindik jendea ez den jendearentzako dira eta ondorioz, nahikoa dute ikuskizuna  ez den ikuskizun batekin .

Anuncios
Esta entrada fue publicada en Euskara, Kontatzeko bizi. Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s