MISTERIOA: IXILTASUNA, SEKRETUA ETA TABUA AHOZKO TRADIZIOAN

MISTERIOA: IXILTASUNA, SEKRETUA ETA TABUA AHOZKO TRADIZIOAN
Bukatu berria da Guadalajarako XXI. Ipuin maratoia eta bihotzean durundan darabilzkit oraindik ere 1200 lagunek kontaturiko ia 800 ipuinak. Misterioaren inguruan burutu da aurtengo topaketa. Blanca Calvo buru dutela, Guadalajarako Liburutegi Publikoko Haur eta Gazte Literaturako Mintegiarekin elkarlanean aritu diren pertsona askoren borondatezko lanaren emaitza izan da maratoia. Aurten egin duten ahalegina, Europar Batasunetik jasotako diru laguntza batekin saritua izan da gainera. Diru laguntza honi esker Europako misterioak izena eman dioten mintegiaz gozatu ahal izan dugu. Europa osotik etorritako 30 kontalari ospetsuk parte hartu dute bertan, eta bakoitzak bere hizkuntzan kontatu dizkigu bere herrialdeko ahozko tradizioko misteriozko ipuinak. Sekulako luxua. Uneoro sentitu dut gertakari historiko batean parte hartzen ari nintzela.
Ahozko tradizioaz aritu ziren lehenengo. Ahozkotasunaz ari garelarik, zer ulertzen dugu misterio hitza esaten dugunean? Zein eratako istorioei egiten diegu aipamena? Oso ezagunak dira istorio hauek: amaieran erantzunak baino galdera gehiago uzten dituzten istorioak dira.
Herri guztiak saiatu izan dira azalpen arrazionalik aurkitu ezin zieten gaiak istorioen bitartez ulertzen. Galderarik handienek erantzun gabe jarraitzen badute ere, ahozko narrazioaren bidez mendez mende transmititu den ondare ez material aberatsa sortu da.
Kontalariez gain, “Haizea, gandua eta harria: Xam boskimanoen imaginarioan azaldu ezin daitekeenaren metaforak” hitzaldiarekin gozarazi zigun Jose Manuel de Prada Semperrek ere parte hartu zuen mintegian. Emily Lethbridgek azaldu zizkigun berriz, “Heriotzaren misterioak erdi aroko leinu islandiarrean”. Interesgarria benetan. Dena dela, Jose Manuel Pedrosak misterioak ahozko tradizioan izan duen paperaz egindako hitzaldi iradokitzaileaz arituko naiz ondorengo lerroetan : “ Mundua misterio eta heroi/azti/jakintsua haren deszifratzaile”.
Erlijio guztiak hala direla azpimarratu zuen arren, misterio erlijio deritzenei lotuta aurkeztu zuen Jose Manuel Pedrosak “misterio” hitza. Kontzeptualizazio zaila duten kontzeptu abstraktuera gerturatu ohi da erlijioa eta iniziazio erritual askoren parte izaten da sarri isiltasuna . Izan ere isiltasunarekin (egitate linguistiko moduan sarri aztertu dena), sekretuarekin (oinarrizko gaia literaturan) eta tabuarekin (antropologia arduratu izan dena) uztartu zuen misterioa Pedrosak. Testuinguru honetan kokatu zuen itzulpen kontzeptua ere. Sekretua, tabua mantentzeak, boterea ematen du. Misterioa argitzeak, are botere gehiago emango liguke. Ezarri zuen paralelismoaren arabera, gure bizitzan garrantzitsua den ia guztiak, itzulpen baten beharra dauka. Itzulpenak, zentzu zabalean ulertuta, deszifratze ekintza bat burutzea esan nahi du. Adibide bat jartzearren, ahozkotasunetik idazkerara pasatzea, itzulpen ekintza bat izango litzateke. Ediporen mitoan, alderdi epikoa eta tragikoa ditu heroiak. Zerbait misteriotsua argitzeko gai denari deitzen dio heroi epikoa; Ediporen kasuan, Esfingeak planteatutako igarkizuna ebazten duenean betetzen da hau. Misterioak argitzen jakitea eta sekretuak argitaratzea, alderdi garrantzitsuak dira heroiaren curriculumean, indar frogak baino ere garrantzitsuagoak agian. Esfingearen igarkizuna asmatzeak bilakatzen du Edipo heroi epiko, baina heroi tragikoa ere bada aldi berean, izan ere, ez da bere patuaren gaineko misterioa (orakuluaren iragarpena) argitzeko gai. Heroi klasikoen artean “deszifratzaile” nagusiaz ere hitz egin zigun: Ulisesek itsas lamiei hizkuntza lapurtu zien. Jakintza eskaintzen zuen itsas lamien kantuak baina jakintza hau bereganatzen zuena hil egiten zen. Bitxia da Edipok igarkizuna asmatzean Esfingeak bere buruaz beste egiten duela ikustea; berdin jokatzen dute itsas lamiek ere Ulisesek jakintza bereganatzen duenean. Salomon erregea da beste jakintsu “deszifratzaile” handi bat. Animalien hizkuntza (batez ere txoriena) ezagutzen omen zuen. Sigfridok ere ulertzen zuen hegaztien hizkuntza. Misterio argitzaileen tradizio honetatik sortua da gure kulturan bereziki ezagun egin den fikzio generoa: detektibea. Heroi garaikidea da detektibea eta sekretuak argitu ohi ditu heroi epikoen moduan. Pistaz betetako baina inolako ordenarik gabeko testua aurkitzen du detektibeak eta testua berrantolatuz, “itzuliz “, misterioa argitzen digu.
Irakasleak eta medikuak ere jakintzaren itzultzaileak dira. Adibidez, psikiatra edo psikologo bati sintoma edo ordenarik gabeko oroitzapen jakin batzuk azaltzen dizkiogu eta berak beste era batean berrantolatu ondoren, diagnosia eman ohi digu.
Misterioak zuzentzen ditu gure bizitzak. Beste maila batean, sekretua boterea da eta isiltasuna arma politikoa. Espioitza eta jendeak egiten duenaren gaineko kontrola, ezagutza da; ezagutzak boterea ematen du. Talde batek sekretu bat partekatzen duelako antolatzen dira konspirazioak. Aldian behin, heroitzat hartzen dugu komunitate osoaren aurrean sekretu bat ozen esateko ausardia izaten duena. Batzuetan denok dakiguna baina inor esatera ausartzen ez dena izan daiteke, “Enperadorearen jantzi berria” ipuinean enperadorea biluzik doala esatera ausartzen den haurraren kasuan bezala.
Isiltasuna eta sekretua kudeatzearen baitan egon daiteke biziraupena batzuetan. Horretaz baliatzen da Sherezade, zeina sekretuaren zati bat gordez egunsentian isiltzen den, bizitza beste egun batez luzatuz. Ahozko tradizioan, herritar ergelak, haur xaloak, zahar jakintsuak edo neskame bizkorrak agertu ohi zaizkigu sarritan sekretuen deszifratzaile paperean. Ahulenen aldarrikapen bezala ulertu ditzakegu eta nolabaiteko justizia poetikoa egiteko balio dute. Orekatzeko balio dute, ahotsik ez dutenei ahotsa emateko eta bakoitzari munduan duen lekua zein den erakusteko, asmo bateratzaile eta kohesionatzaile batekin beti ere.
Testuinguru zabalago batean, misteriozko ipuinak esatea, erredundantzia bat ere bada. Ahozko tradiziotik jaso ditugun ipuin guztien helburua baita sekreturen bat argitzea. Modu batera edo bestera, ipuin guztiek laguntzen digute bizitzari eta bere misterioei aurre egiten.

Anuncios
Esta entrada fue publicada en Euskara, Kontatzeko bizi. Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s