IPUINEN ARNASA

Orain artean ez dut ezagutu arnasketak gure ofizioan duen garrantzia zalantzan jartzen duen kontalaririk. Arnasketaz hitz egiten dugunean,  saihestezina da  ordea gaia ipuinak kontatzera atera aurreko denbora tartearekin soilik lotzea;  urduritasunez beteta, “kaperan” egoten garen unera, alegia.  Era batera edo bestera, arnasketarekin lotuta daude aurrez ikasita ditugun  erlaxazio teknikak.  Gehienok  ezagutzen ditugu une horietan arnasketa teknikak izan ditzakeen onurak eta ondorioz ez naiz gai honen inguruan  luzatuko. Kontua da, arnasketa kontaketa saioa hasi aurreko uneetan bezain garrantzitsua dela kontaketan zehar ere.

Bizi garen garaiotan, goseak ez bada, presak hiltzen gaitu. Dena egin behar da presaka: lana, jan, maitatu, amets egin … Dena lasterka. Geroz eta motzagoa da gure arnasketa zikloa. Oxigeno gutxiago iristen zaigu garunera; baita gorputzera ere. Estresaren estresaz gaixotzen gara. Egunero erabiltzen ditugun esapideen bitartez adierazten du herri jakinduriak: Arnasa hartzeko ere astirik ez daukat. Lanez itota nabil. Harreman honek ito egiten nau. Arnasaldi bat behar dut. etab.  Kontaketa saio bat da gaur gaurkoz,  arnasa hartzeko geratzen zaigun aukera ezohikoetako bat .

“Bazen behin” bezalako formula erritualekin,  une batez denbora geratu dezakegu;  bai behintzat eguneroko denbora. Modu honetan finkatu daiteke kontalariak  entzuleriarekin partekatuko duen hatsa elikatzen duen denbora  afektiboa, mitikoa edo magikoa. Izan ere, kontalariaren erritmo berean arnasa hartzen bukatzen du entzuleriak.

Kontatzen ari zarelarik arnasa sakon hartzen baduzu, publikoak bere arnasa nola baretzen den sentituko du.  Arnasestuka ari bazara, zure beldurra edo plazera sentituko du.  Hasperen eginez gero, zure hatsak  eta haienak nostalgia kutsua izango du.  Hauxe da katarsia: bizi ufada jaso eta ematea. Hatsa partekatzea. Beldurraren, zentsuraren, itxurakeriaren, auto-inportantziaren …  eraginez gure hatsa partekatzeko gai ez garenean, arnasa blokeatzen dugu eta entzuleria ito egiten da. Itota hiltzerik nahi ez duenez, bere baitan biltzen da publikoa. Ardura handiko lanbidea da gurea, bai, baina baita plazer izugarria sortarazten diguna ere. Gure kontalari bizitzan, ziur gehienok dugula oroimenean estasi momenturen bat baina baita lurrak irenstea desiratu dugun uneren bat ere.  Izan ere, publikoa batzuetan ez da ipuinak entzuteko moduan egoten , ezta kontalariok kontatzeko moduan ere.  Ezin dugu beti kanal gisa aritu.

Barkatuko didazue aurretiko abisurik gabe zen xamar jartzea, baina agertokia trantzerako  abagune bat da niretzat. Arnasa hartzen dugunean, bizitzaren dohainak jasotzen ditugu. Arnastu egiten gara.  Gure sendotasuna eta zaurgarritasuna, inguratzen gaituen espazioa, hezetasuna, tenperatura, argia eta koloreak sentitzen ditugu. Oxigenoarekin batera, gu entzutera etorri direnak arnasten ditugu. Arnasa hartzen dugunean, hitzik gabe esaten digutena entzuten dugu.  Euren begiradak, euren eskuak, emozioz betetako euren hatsa … entzuten ditugu. Memoria kolektiboa ere arnasten dugu, gure aurretik joan zirenen eta gurekin daudenen inspirazioa, alegia. Orain eta hemen sustraitzen gara.

Arnasa botatzean, gure bizi ufada ematen dugu. Orduan, istorioak kontatzeaz gain, kontatu egiten gara. Jaso dugunaren zati bat itzultzen diogu bizitzari. Gure hatsa, imaginario kolektibotik jalkia, aurrean dauzkagun pertsona guztien hatsarekin osatuta dago. Bat gara. Hegoak hazten zaizkigu. Hegan egiten dugu. Gauza ondo doanean,  izaera orgasmikoa du agertokian egoteak.  Bada agertokira publikoari istorio eder bat ematera ateratzen dela esaten duenik.  Nik neuk ere nozitu izan dut auto-inportantzia hau. Arnasa hartu gabe arnasa botatzea ezinezkoa den bezala, ezinezkoa da aurrez entzun gabe (publikoa, espazioa, norberaren bizi ufada, beste istorio batzuk …) kontatzea. Tira, ahal ahal, ahal da, baina teknikoki bikaina izan arren, ez gaitu hunkitzen.

Bada kontatzera irteten denean publikoari aurre egitera ateratzen dela dioenik. Horrek edonor beldurtu beharra dauka. Beldurra ez da txarra. Babestu egiten du. Gure arnasketa blokeatzen du ordea eta paralizatu egiten gaitu, arriskuan jarri ez gaitezen . Gehiegi babesten gaitu batzuetan,  aurrean jartzea eta aurre egitea ez baitira gauza bera.  Nola arituko naiz kanal gisa, nire baitan borroka baten metafora bizi badut? Komenigarria litzateke beharbada, kontatzen hasi aurretik zerk ikaratzen gaituen geure buruari galdetzea. Burua hutsik gelditzearen beldur bagara adibidez, ahozko narrazioan bihotzaren memoriarekin (eta ez buruarenarekin) lan egiten dugula gogoratu beharko genuke. Istorioa zeure zeurea egitean datza gakoa, zeure hatsa izan dezala kontatzen duzunean.  Adibidez,  primeran ezagutzen dugu gure lehenengo aldia eta aurrean daukagunaren arabera, mila modutan kontatu dezakegu.  Besteren istorioekin jokabide bera izatea da kontua; istorio horiek zureak bezain zeure egitea, kontatzen dituzunean zeure hatsa izan dezaten.  Modu horretan, ez gaitu ezegonkortuko  momentu jakin batean hitz bat ez gogoratzeak.

Dagoeneko ez nau beldurtzen nire ipuinak edo bertsioak plagiatu edo kopiatzeak, badakidalako, nik ematen diedan hatsa  imitaezina dela. Egia da nik ezin dudala beste norbaitek bezala kontatu, ezta sekulako miresmena diedan kontalariek bezala ere.  Egia da halaber, beste inork ezin duela nik bezala kontatu. Hatsaren, bizi ufadaren eraginez, bere berea duen eran kontatzen du kontalari bakoitzak.

Ez eragozteagatik, ez dugula merezi uste dugulako edo beste pentsamendu mugatzaile batzuk tarteko behar dugun adina aire hartzen ez badugu, publikoak arnasa blokeatzen du eta ondorioz baita bere erantzuna ere.  Hartu ez dudan airea botatzen tematzen banaiz gainera, ito egiten naiz, hustu. Aitzitik, aire asko hartu eta botatzen ausartzen ez bagara, geure baitan kabituko ez bagina legez paparra puztuta,  entzuteari utziko dio publikoak, gure jarrera handiustekoa dela  iritzita. Gure bizi ufada emateak ikaratzen bagaitu, geure burua nahikoa maite ez dugulako izaten da batzuetan, jendeak benetan nolakoak garen jakinez gero ez gatzaizkiola gustatuko iruditzen baitzaigu. Beharbada, ematen duguna ez da izango ez ederra ez eta politikoki zuzena ere. Ez dauka hala izan beharrik. Kanal gisa aritu ahal izateko, nahikoa da garena garela uste dugunak funtsean garenari ahalik eta traba gutxien egitearekin. Arnasa hartzen baduzu ala hartzen ez baduzu,  juxtu zuk egin duzuna egingo du publikoak. Niretzat horixe da ia misterio guztia.

Anuncios
Esta entrada fue publicada en Euskara, Kontatzeko bizi. Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s