IPUINEK KONTATZEN DUTENA. IPUIN TRADIZIONALETAKO SEXISMOAZ

Maite ditut ipuinak. Ahozkotasunean hazi nintzen. Eragin guztiz kaltegarria  duten Errauskine, Basoko Loti Ederra, Edurne Zuri eta antzeko perfila duten zenbait heroiren eraginpean behin eta berriz egon arren, hara non, feminista atera naiz. Horregatik nahi dut orain eta hemen, hain laidoztatuak izan diren maitagarrien ipuinen alde egitea  eta herri ipuinei egotzi zaizkien sexismo eta gainerako “ismo” guztien inguruan entzule aseezin eta kontalari profesional moduan dudan eskarmentua partekatzea.

Egia da, imaginario kolektiboaren adierazpide eta ekoizpen kulturala diren neurrian, era guztietako balore baztertzailez beteta daudela ipuin tradizionalak. Nola ez dira ba egongo? Bereziki susmagarria irudituko litzaidake bestela balitz. Duela zenbait hamarkada,  ipuinak haurrentzat soilik zirela ulertuta ( bere horretan, aurreiritzi bat gehiago ),  sustatzen zituzten genero rolak eta estereotipoak salatu asmoz, herri ipuinetako fikzioaren gainean jarri zuen lupa koheziketaren eremuan aritzen zen kritika feministak.

Garai hartan, honela zioen Grimm anaiek idatzitako Edurne Zuriren bertsioak:

“ Etxe hartan dena zen txikia, baina irudikatu daitekeena baino polit eta garbiagoa. Tximiniatik gertu, mahaitxo bat zegoen jarrita; zazpi plater oso txiki eta buztinezko zazpi kikaratxo zeuden bertan. Gelaren beste aldean zazpi ohetxo zeuden txukun-txukun lerrokatuta –Guretzako janaria prestatu, josi eta garbitu nahi baduzu –esan zuten ipotxek- hemen geratu zaitezke eta beti zainduko zaitugu. Edurne Zurik pozik onartu zuen proposamena.  Oso alai bizi zen ipotxekin, janaria prestatuz eta etxetxoa zainduz.”

Psike kolektiboan eragin handiagoa eta sakonagoa izan duen Disney faktoriaren bertsioak erremediorik gabe ordezkatu duen bertsio tradizionalean, ipotxen etxea polita, garbia eta txukun-txukuna dela adierazten zaigu.  Zazpi “jakintsuak” zikin eta zabar bihurtzea izan da nire iritziz filmatutako bertsioaren perbertsiorik handienetakoa. Garai hartan ez nintzen horretaz jabetu ere egin.  Gehiago gogaitzen ninduen Edurne Zuri  gizarte segurantzarik gabe ipotx koadrilarentzat  neskame lanetan aritzeak, eurek euren etxeko garbiketan  ez laguntzeak baino.

Kontakizun klasikoan,  ipuina transkribatu zen garaiko era eta ohiturekin bat zetorren ituna egiten dute ipotxek Edurne Zurirekin. Ondorioz, gizon eta emakumeen zeregin banaketa tradizionala agertzen da bertan.  “Sexismo” hau ez da beste batzuek bezain kaltegarria nire ustez, ipuina entzun edo irakurtzen duten haurrek  istorio bakoitzaren kokapen historikoa ezin hobeki bereizten ikasten baitute.  Badakite jendeak ohitura batzuk zituela lehen eta beste batzuk dituela orain. Badakite, landa inguruneetan eta lurra landuz bizi zela jende gehiena lehen eta orain berriz, hiriguneetan. Jendeak eguzkiak lurraren inguruan biratzen zuela uste zuela lehen eta orain badakigula alderantziz gertatzen dela . Ez? Laurogeigarren hamarkadan, gutako gehienok ez geunden (eta oraindik ere ez gaude) ados rol banaketarekin, denbora luzea baikeneraman espazio publikoko “meatzera” joan nahian eta gure obario guztiekin egiten genuen protesta.

Garai hartan, kontra egin zitzaien ezaugarritzat pasibotasuna, salbatuko zituen norbaiten zain egotea, patuari  beldurra izatea, esanekoak izatea edo txepelkeria zituzten heroi haiei. Aitortzen dut, ni neu ere, bere desobedientziak irentsitako Txanogorritxuren kontrako manifestari sutsuetako bat izan nintzen: Baina ama, ezezagunekin hitz egiten ez badut, nola ezagutuko dut inor?

Genero ikuspegi nabarmena zuen ipuin berri mordo batek, “Neska koskorren alde” bildumak edo Adela Turinen sorkuntza bikainek esaterako,  genero rol tradizionalak irauli zituzten:  Itxura positiboa eman zitzaien sorginei eta printze ameslari maitagarriak eta bizitzako helburu bakarra ezkontzea ez zuten printzesa ausartak txertatu zituzten imaginario kolektiboan.

Edurne Zuriren adibidearekin jarraituz, fikzioa manipulatuta mundua aldatuko nuen ustearekin, frogak egiten hasi nintzen. Heziketarekiko nire militantziak bultzatuta, printzesa meatzera joaten zen bertsio bat probatu nuen; beste bertsio batean, baldintzatzaile biologikoen ondorioz etxeko mirabetzara kondenatua izanik,   emakumearen estatusaren salaketa publikoa egiten zuen ipotxen etxean … Honelako zerbait zen Edurne Zuriren orduko nire bertsioa:

-Nahi baduzu, hemen gera zaitezke eta beti zainduko zaitugu. Edurne Zurik erantzun zien:  Eskertzen dizuet zuen abegi ona, baina nik badakit nire burua bakarrik zaintzen. Zuen adeitasunarekiko esker onez basora joango naiz ehizara, fruta bilduko dut eta meatzean lagunduko dizuet.”

Amaordea emakumea izatea, emakumeen arteko batasuna ekiditeko izaera androzentriko sakona zuen sistema baten asmakeria baino ez zela otu zitzaidan gero.  Neure burua sorgina ez zela hain gaiztoa kontatzen  harrapatu nuenerako,  ipuinak ez zeukan inolako heldulekurik.  Hain sustrai sakonak dituen ipuin batekin egin daitekeen okerrena egin nuen: kontatzeari utzi nion.

Barkatuko ahal didate gure amonek nire ergelkeria eta errespetu eza! Politikoki zuzenak gidatuta (nahiz eta eremu feministan politikoki zuzena dena  gizartearentzat nahikoa ez-zuzena zen eta den, oraindik ere) eta inkontzienteki,   iniziazio prozesurako eta hazkunde pertsonalerako giltza ziren alderdiak ezabatu nituen ipuinetik. Imaginario kolektiboaren artelana, panfleto didaktiko bihurtu nuen.  Borondaterik onenaz egin nuen arren, erregea baino erregetiarrago  eta sexismo sotil eta arriskutsuagoa adierazten bukatu nuen;  urte mordoxka bat beranduago konturatu nintzen honetaz.  Etxeko lanei lotua zegoena   kontatzeko nuen moduari  erreparatuta ohartu nintzen ideologia nagusiek gutxiesten zituen eran gutxiesten nituela tradizionalki emakumeei esleitu zaizkien zainketa, samurtasuna edo sentimenduak adieraztea; balio gutxiagoko baloretzat hartzen nituen nik ere.  Kontua zen, emakumeek gauzatzen zituztelako balio zutela gutxiago eta ez alderantziz.  Horixe izan zen giltzarria niretzat mota guztietako sexismoak indargabetzen saiatzeko.

Kontatzerako orduan, pertsonaia femeninoek egiten zuten guztiari garrantzia ematea hartu nuen helburutzat ordutik aurrera.  Emakumeek egiten zutena egiten zutela, niretzat eta narratzaile bezala, garrantzitsua, baliotsua eta aintzat hartua izango zen. Garai hartan, honelako zerbait zioen gutxi gorabehera Edurne Zuriren nire bertsioak:

 “Edurne Zurik pozik onartu zuen ipotxen abegi ona eta berekiko izan zuten adeitasuna saritzeko janaria prestatzen eta etxea zaintzen laguntzen  zien. Ipotxek harribitxi batzuk besteengandik bereizten irakatsi zioten eta berak gela garbi eta txukun baten edertasuna erakutsi zien. Edurne Zurirekin ikasi zuten ipotxek, ez dagoela mahai gainean jarritako gisatu gozo bat baino bitxi ederragorik.”

Ipuinetako gaiztoekin berradiskidetu nintzen eta nire kontakizunetan haiek epaitzeari edo haien jokaera zuritzeari utzi nion.  Gaiztoak perfektuak direla ikasi nuen, horretarako nahikoa botere dutenak bakarrik jardun daitezkeela gaizto paperean.  Bilau edo gaizto on bat dagoen lekuan ipuin bikain bat dagoela egiaztatu nuen,  heroiaren maila morala edo kasta, aurkariaren izaeraren arabera neurtzen baita.

Eta adinez nagusi egin nintzen, mila urte baino gehiagokoa kontalari moduan. Ipuinak kontatzen pilatu dudan esperientziari esker egiaztatu ahal izan dut, nola neska koskorrak hala mutil koskorrak, pertsonaia nagusiarekin identifikatzen direla, berau emakumezkoa ala gizonezkoa izanda ere. Garai historiko bakoitzeko bertsioek adierazten dituzten aurreiritzi eta gainazal estereotipatuetatik harago, protagonistaren barne bidaian murgiltzen dira haurrak. Ez dago estereotipoak ezabatu beharrik,  onartu eta ipuinaren baitan irauli behar dira, bukaeran zer edo nor saritzen dugun balioesteko. Ipuinak ez direla xaloak konturatu behar gara, baloreak transmititzen dituzte eta hezitzaileak dira guk hala nahi dugulako (eta nahi ez badugu ere bai). Adibidez, badirudi maila sinbolikoan eta psikoanalitikoan etxea “garbitu, txukundu edo konpontzea” norberaren psikea sendatu eta garbitzea dela. Edurne Zuri etxea garbitzen hasten denean, ez du esan nahi erotuta dagoenik, ez eta betebehar sozialak otzan-otzan onartzen dituenik ere, sendatzera joaten da basoko etxera. Garbiketaren metafora esplizitu eginda, hauxe da gutxi gorabehera gaur egungo nire bertsioa:

“Edurne Zurik pozik onartu zuen ipotxen abegi ona eta berekiko izan zuten adeitasuna saritzeko janaria prestatzen eta etxea zaintzen laguntzen  zien. Zoruan erratza pasatzen zuenean, bere bihotzeko beldurrak ezabatzen zituen. Sabaiko eta paretetako armiarma sareak kentzen zituenean,  bere baitako gorrotoa eta erresumina garbitzen  zituen.  Arropa josi eta apailatzen zuenean, arima sendatu eta bere bizitza antolatzen zuen Edurne Zurik”.

Erruki ditut sexismoaren, arrazakeriaren edo bazterketa sozialaren aitzakian printzesa eta dragoien ipuinik entzun gabe geratzen diren haur garaikideak. Monarkiaren aurkakoa naiz ni, baina horrek ez dit eragozten printzesen ipuinak kontatzea.  Izan ere, ipuinetako printze-printzesek ez dute inolako zerikusirik klase politikoarekin.  Printzesa da, burujabe (bere izatearen erregina) izateko bidearen hasieran dagoen emakumea. Gure arimaren “noblezia” adierazten dute ipuinetako printze-printzesek eta errege-erreginek.

Ipuinez eta kontraipunez beteta dago ahozko tradizioa:  Besteak beste  “Asto larrua” edo “Albahaka ureztatzen duen neskatoa” ipuinek, sexu gehiegikeriez ohartarazten dituzte haurrak edo erresistentziazko emakume ereduak aurkezten dizkigute. Bizitzarako argibide  baliotsu eta zehatzez betetako ipuin mordo bat lapurtu dizkigute.  Iritsi zaizkigun bertsioetako asko, zentsura pasatakoak edo ipuinaren sakoneko espiritua galdu dutenak dira.  Printzesek ezkontzerik nahi ez duten, printzeek beldurra izaten duten, heroiek puzkerrak botatzen dituzten edo bortxatu nahi izan dituztenei ipurtzulotik errefauak sartzen dizkieten ipuinak sortu ditu herri kulturak.  Badira amaginarreba eta erraina elkarrekin ongi moldatzeaz gain elkarrekin katramilatzen diren ipuinak. Badira arrantzale koadrila osoa beren arrantzontzi eta guzti sartzeko adinako bagina duten emakumeak …   Baina non daude ipuin eta bertsio horiek? Heztea, koheztea, gaur egun sekula baino gehiago, alternatibak bilatzea da; imaginario kolektiboko mitoek, izateko eskaintzen dizkiguten aukera guztiak bilatzea.  Istorio bakoitzaren bertsio bat baino gehiago (zenbat eta gehiago, hobe) ezagutzeko eskubidea dute gure haurrek; egiak geruza asko ditu eta aniztasuna balore bat da.

Gai honen inguruko analisi xinpleegiarekin geratu nahi ez duenari, hertsiki gomendatzen diot Clarisa Pinkola Estesen “Mujeres que corren con los lobos”  eta emakumeak protagonista dituen kultura guztietako ipuin bilduma bikaina osatu duen Angela Carterren “Caperucitas, Cenicientas y otras marisabidillas” irakurtzea.

Funtsean, zera da kontua: bihotzean daukaguna ezpainetatik ateratzen da.  Kohezteko,  berriz hezi beharra dago. Kontatzen ari naizelarik, sexismoa eta gainerako ismo guztiak, nire hatsean, nire begiradan, nire isiltasunean … daude.  Hitzetan ere bai, gaietan, gertakarien edukietan, baina  hori azala besterik ez da, ipuinaren zati ikusgarria nolabait esateko.  Era guztietako aurreiritziekin gertatzen den moduan, esplizitua ez denak asmo gaiztoagoa izaten du azpian eta kontra egiteko zailagoa da.

Gauzak horrela, ipuin garaikideetan printzesarik eta dragoirik azaltzen ez den arren,  egungo kontakizunak ez dira osagai sexistarik gabeak.  Sorkuntza berrietan eta betiko ipuinak birsortzerakoan kontzientzia hartzea falta zaigu oraindik ere.  Ongi dago begien bistan  dagoena nabarmentzea  eta kontakizunean agertzen diren pertsonaia femenino eta maskulino kopurua zenbatu eta euren protagonismo maila ebaztea, batzuen eta besteen bertute eta akatsei arreta jarriz egitea deskripzio fisikoak, pertsonaiak garatzen direneko harreman eremuak,  jarduerak eta lanbideak  berrikustea, euren ezaugarri afektiboek ze genero joera duten, negatiboki baloratuak ote diren, boterearen edo menpekotasunaren adierazle ote diren aztertzea, etab … istorioaren amaieran batez ere, garrantzitsua da ze jokabide saritzen den eta ze jokabide zigortzen den kontutan hartzea.  Ikus daitekeenez, asko dago egiteko oraindik, baina bizitza, inolako ezberdintasunik gabeko bizitza proiektu hori, beti datorkit kontura niri …

Anuncios
Esta entrada fue publicada en Euskara, Kontatzeko bizi. Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s