IPUINAK KONTATZEA: ARTEA ETA OFIZIOA

Kontatzea artea da. Erabateko biluztasuna izaten du sarritan, baina nire iritziz, nortasun propioa duen arte eszenikoa da.  Azken hamarkadetako kontua izan da ipuin kontaketak  instituzionalizatzea, haurren irakurzaletasuna bultzatzeko estrategiatzat hartu baitute  hainbat liburutegi eta eskoletan. Ze azkarrak diren erakunde batzuk! Nahikoa da zerbait “haurrentzako” izenburupean aurkeztea, bere edukiari garrantzia kendu eta bere izaera artistikoa gutxiesteko. Hori nahikoa ez eta gutxiago ordaindu nahi izaten dute helduei zuzendutako beste edozein jarduerak adinako sormen ahalegina  (edo handiagoa) eskatzen duen lan bategatik. Txotxongilo,  pailazo edo bazterketa mota hau jasaten duten beste arte batzuek bezala, berebiziko ahalmena dute ipuinek;  eraginkorrak dira kritika soziala egiteko eta bertsio ofizialarekin bat ez datozen baloreak transmititzeko.  Aipagarria da, istorioak kontatzeak  entzuleekin konektatu eta euren barrenak mugitzeko  duen gaitasuna; ia edozein espazio eta lekutan burutu daitekeen jarduera da gainera.  Puntu honek azaldu dezake nolabait, bere existentzia setatia eta bere ikusezintasuna.

Azken bolada honetan ahozko narrazioak  agertokietan bere lekua izan badu ere,  ez dauka aitorpen eszenikorik ez programatzaileen aldetik ez eta ikuskizuna ikusteagatik ordaintzen dutenengandik ere; kritika espezializaturik ez da existitzen. Arte eszenikoetako Errauskine edo kulturaren ahizpa txiroa izanik, bere burua definitu eta bere lekua zedarritu nahian dabil ahozko narrazioa: Ahozko literatura da? Antzerkia? Tresna pedagogikoa? Erritual xamanikoa? Hala ere, bere bereak ditu mestizaia artistiko guztiak. Ahozkotasuna idazketa baino lehenagokoa bada ere,  ahozko hizkuntzak irakurzaletasuna bultzatzeko tresna izan beharra daukala defendatzen da zenbait forotan.  Antzerkiaren jatorri sakratu eta ludikoaren zati izango da ziurrenik kontakizuna baina hemen gabiltza kontutik bizi garenok,  gu ere antzerkia bezain aintzakotzat hartu gaitzaten ahaleginean;  azken finean,  izaten utzi diezaguten. Estatu mailan, bizi bizirik dago oraindik ahozko narrazioa eta antzerkiaren artean harremanik ba ote dagoen eta balego harreman honek nolakoa izan behar ote lukeen eztabaida.  Beste herrialde batzuetan ordea, Italian adibidez, pentsaezina da gaur egun maila horretako eztabaidarik egotea.  Dario Fo (ipuin kontalaria, bufoia eta antzerkigilea)bezalakoen ekarpenei esker, antzeko garapena izan dute antzerkiak eta ahozkotasunak eszenan.

Egia da ikuskizun hutsa baino haratago heltzen dela ahozkotasuna. Herrien memoria bizia da. Sustraiak eta hegoak ematen dizkigu.  Harriak baino lehenagokoak diren gure arbasoen ahotsak ekartzen dizkigu eta nor garen gogorarazteko eguneratzen dira. Tamalez, zaharrak baliorik ez duela sinetsi dugu, baina imaginario kolektiboak bizirik darrai  industria iraultza edo telebistaren etorrera eta gero ere.  Komunikazio hiperteknologikoaren garaian, sekula baino inkomunikatuago sentitzen gara pertsonok. Horregatik, istorioak kontatzea ez da artea bakarrik eta geroz eta eskaera handiagoa duen ofizioa bilakatu da. Publikoak ipuinak entzuteko eskubidea daukala uste dut. Garrantzitsua iruditzen zait halaber, ipuinak ahalik eta baldintzarik onenetan entzuteko eskubidea izatea.  Testuinguru  desegokietan duintasun handiz kontatzea egokitu izan zaigu kontalari profesionaloi eta jardueraren emaitza artistikoa kolokan jarriko ez duten espazioetan  lan egitea da gure helburuetako bat. Kontalarion eskubidea da, ofizio bilakatzea nekez lortzen dugun pasio honek, orokorrean kultura munduan eta bereziki eszenan, merezi dituen begirunea eta errekonozimendua izatea.

Anuncios
Esta entrada fue publicada en Euskara, Kontatzeko bizi. Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s