IMAGINARIO KOLEKTIBOA DESESKOLATZEN

IMAGINARIO KOLEKTIBOA DESESKOLATZEN
Batzuetan, eskoletara joaten gara ipuinak kontatzera. Gauza jakina da ipuinek sormena garatzen lagun dezaketela eta uste horretan oinarrituta, bada eskoletatik horregatik deitzen digutela sinesten duenik; ziur nago ez dela horregatik. Ezagutzen ditudan ikastetxeko plangintza askotan irudimena eta sormena ez dira formazio helburutzat lehenesten . Askoz sinpleagoa da egia. Eskoletan ipuinak kontatzera joaten bagara, irakasle batzuei ipuinak entzun (edo/eta kontatzea) gustatzen zaielako da . Lankideak konbentzitzeko horrekin aski ez eta ipuinak kontatzea, ezkutuko eskola ridiculum hegemonikoak ezartzen duen bezain esperientzia desatsegina izan daitekeela frogatzen saiatzen dira gainera. Ba bai, badira gisa horretako irakasle heroikoak ikastetxeetan. Izan ere, heroikoa da niretzat erakutsi beharrekoa eta dibertsioa bateraezinak diruditen testuinguru batean halako ekimenetan murgiltzeko ausardia izatea. Bosgarren zutabe hau gai da , eskolaz kanpoko gai bat eskolan sartzeko. Hizkuntza akademikoa menperatzen du, helburu, prozesu, kronograma eta jarduerak maneiatzen ditu eta ipuinek literaturarekin zerikusia dutela frogatzen du, adibidez. Argudio indartsua da hau: ipuinekin, hizkuntza eta literatura ikas daitezke. Eskolako literaturarekin (testu aukeraketa susmagarriki heldukratiko bat duena) gertatu ohi denez, asperdurara gonbidapen bat izaten da orokorrean. Ikastetxe gehienetan aurkitzen duen sistema pedagogikoa ezeztatuz, eskolan burutuko den jarduera eskolaz kanpoko ekintza dela ikasleriari sinestaraztea izaten da sarri kontalarion erronkarik handiena.
Makineria pedagogikoak etengabe bilatzen du kontaketa bati ahalik eta errentagarritasun pedagogikorik handiena ateratzea. Ildo horretan, gure istorioek irakurzaletasuna sustatu behar dute, ulertzeko konpetentzia linguistikorik ez duen entzuleriari euskaraz edo ingelesez kontatu behar zaio belarria egin dezan, baloreetan hezi behar da, ingurumenarekin, hezkuntza afektibo sexualarekin, bakearen egunarekin edo zuhaitz egunarekin erlazionatuta egon behar du, adin tarte jakin batentzat (3-5 urte esaterako) izan behar du …
Betebeharrak pilatu egiten dira eta ez da nahikoa Txanogorritxuk irentsia izateko beldurraren muineraino bidaia egitea, emakume eta gizonen aukera berdintasuna aldarrikatu beharra dauka edo desagertzeko zorian dagoen espeziea denez, otsoari barkatu behar dio.
Ahozko eta idatzizko komunikazioa sustatu behar da gainera, kontakizunaren testu iruzkina egin, literatur estiloa baloratu, idatzizko bertsioren bat baldin badago harekin alderatu, sekuentzia narratiboak aztertu, ipuina sinbolizatu …
Tolstoiren arabera, literaturan hezteko nahikoa da estimuluak ematea. Bat-batean eta norbere kasa informazio bila hastea eragiten du edo eragin dezake ahozko kontakizunak. Elkarloturiko hainbat ezagutza argitzeko bidea zabaltzen duen etengailuaren papera betetzen du nolabait. Eskola eremutik kanpo dagoen edonorentzat begi-bistakoa dena ulertzea ahalbidetzen dute ipuinek; alegia, dena elkarlotuta dago bizitzan.
Pedagogia jarduera hegemonikoarentzat sekulako astinaldia suposatu dezake ipuinak eskolan sartzeak. Ikasteko beste modu bat dagoela erakutsi dezake. Imaginario kolektiboa “deseskolatu” dezake; baita eskola osoa ere. Aski da kontsigna bakarra errespetatzea: ipuinak ez dira ikasgelan lantzen ari diren hizkuntza eta literaturako gaiekin lotu behar. Proposamen irekiak, atseginak, ezohikoak, menpekotasunik gabeak egin behar dira. Oinarrizkoa da, ipuinak entzutea notarako puntuagarri ez izatea. Kontalari baten saioa entzutea ezin da azterketa bihurtu.
Irakaskuntzatik nator ni. Badakit betebehar eta erronka ugari dituen lana dela irakasle izatea eta hargatik saiatzen naiz inor epaitu gabe konplizitatetik lan egiten. Irakasleok sarri egon izan gara pikotan (eta bertan egoten jarraitzen dugu), eta axolagabe koadrila bat besterik ez gara kontrakorik frogatzen ez den bitartean. Baina, noiz erabaki genuen eskolak bortxazko lanak egiteko lekua izan behar zuela? Noski ! Denbora behar da dibertitu ahal izateko eta programa bete ahal izateko ezinbestekoa da zenbait gauzari uko egitea: arimaren bakea, haurtxoen jakin-mina, gorputza, barrea eta beharrezkoa baldin bada, baita ikaskuntza bera ere. Horrek suposatzen duen guztiagatik, eskola “deseskolatzearen” defendatzaile sutsua naiz ni.
Dora Pastoriza Etchebarne aitzindaria izan zen ahozko hizkuntza hezkuntzarekin erlazionatzen. Ondorengo hipotesia azaldu zuen bere Valoración de la palabra obran:
“Irudirik gabeko kontakizunak sormena laguntzen du eta sortzen duen motibazioak arreta galtze prozesua nahiz pentsamenduaren bereganatze eta egokitzearen dinamismo praktikoa mugiarazten ditu.Bereganatzeak eta egokitzeak ahalbideratzen dute subjektuaren beraren antolaketa eta sorturiko elkarrekintzen araberako unibertsoaren pixkanakako objektibazioa.
Hau horrela izanik, lehenetsi ote dezake eskolak mundua geure baitan eta geu munduan antolatzea baino helburu orokorragorik?
Zera gehitzen du Etchebarnek:
“Eragikera teorian, sormena ez da berrantolaketaren sinonimoa, eraldaketarena baizik”
Primeran. Honek ikaratzen gaitu gehien ziurrenik. Kontatzeko hainbat moduren bitartez adierazitako imaginario kolektiboak bilaketa izaten du xede sarritan; eraldaketa pertsonala eta kolektiboa. Imaginarioa deseskolatzea, arteak eskolako programazio mugatu eta itxiarekin zerikusia duen zerbaitetarako balio beharra daukala sinesteari uztea da. Beti dago ikaskuntza, zalantzarik gabe. Ipuinak kontatu eta entzuten ditugunean, Etchebarnek dion eran, barrurantz hazten da hitza eta geu ere harekin batera hazten gara.
Ikaskuntza badago, nahiz eta ikasitakoa liseriezina izan daitekeen heztea otzantzearekin nahasten duen sistemarentzako. Bestela, nola da posible ipuin bat kontatzen dihardudanean haurrak apunteak hartzen aritzea?
Ikasleek ikasten ari direla ez konturatzeraino gozatzen baldin badute, ekintza susmagarria bihurtzen da automatikoki. Niri ez zait sekula gertatu baina lagun bati gertatua da ondorengoa: Ikasle talde bati jolas ordua ukatu eta ipuinak entzutera bidali zituzten ikasleak. Hain gaizki portatu zaretenez, ipuinak entzun behar dituzue orain!! Ni ez naiz kexatzen: Batzuetan irakasleak ere kontaketa entzuten geratzen dira eta hainbeste gustatzen zaie, non perpaus elkartu eta leku adberbioei buruz galdetzea ere ahaztu egiten zaien. Batzuetan, ongi ere pasatzen dute ipuinak entzuten … eta ez dira konturatzen!

Anuncios
Esta entrada fue publicada en Euskara, Kontatzeko bizi. Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s